Atzo arratsaldean, Pirinioetako hizkuntzak: lehena eta oraina erakusketaren irekiera-ekitaldia izan zen Antsoaingo Idaki udal kiroldegian. Bertan izan ziren Marta Diez Napal Antsoaingo alkatea, Jabier Arakama Urtiaga Euskarabideko zuzendari-kudeatzailea eta Sagrario Aleman Euskaltzaindiaren Nafarroako ordezkaria.
Agerpenean, Sagrario Alemanek eskerrak eman zizkion Antsoaingo Udalari “Euskararen udaberria-ren barruan erakusketa honi tokia egiteagatik eta euskararen alde egiten ari den lan eta esfortzuagatik”. Mintzaldi berean, Nafarroako Gobernuaren laguntza ere eskertu zuen euskaltzain osoak: “Urtero sinatzen dugun hitzarmenak aukera ematen digu erakusketa hau berau eta beste batzuk Nafarroako udal eta kontzejuetara eramateko”.
Erakusketari buruzko zantzu batzuk ere eman zituen Sagrario Alemanek: “Askotan uste dugu Pirinioen bi aldeetan gaztelera eta frantsesa direla hizkuntza bakarrak, euskararen, okzitanieraren, aragoieraren eta katalanaren kalterako. Erakusketa honetan laburbiltzen dira hizkuntza horien ezaugarrietako batzuk eta beraien historiaren adierazpen garrantzitsuenak”.
Marta Diez Napal Antsoaingo alkateak azpimarratu zuen erakusketak hamabost eguneko Euskararen udaberria zikloari hasiera emanen diola, hots, Antsoainen euskara sustatzeko antolatu duten egitasmoari: “Bi aste hauetan, mota guztietako jarduerez gozatzea izango dugu: erakusketa hau, liburu aurkezpenak, film laburren emanaldiak, bertso-afaria, dantzariak, erraldoiak, lagunarteko bazkaria eta kontzertuak. Denetan parte hartzeko ahalegina egitea eskatu nahi dizuet, eta, ororen gainetik, euskaraz mintzatzeko eskatu nahi dizuet. Hamabostaldi honetan, eta urte osoan, euskara entzun dadin Antsoaingo karriketan barna”.
Azkenik, Jabier Arakama Euskarabideko zuzendari-kudeatzaileak nabarmendu nahi izan zuen Akademiaren eta Euskarabidearen arteko lankidetza sendoa, aspalditik datorrena: “Erakusketa hau Nafarroako Gobernuak eta Euskaltzaindiak urtero sinatzen dugun hitzarmenaren fruituetako bat da, gure instituzioentzako eta herritarrentzako onuragarria dena, horren ondorioz euskararen inguruko ikerketa eta sustapen lanak ahalbideratzen ahal direlako". “Antsoaingo Udala eskertu nahi dugu lankidetza honengatik –gaineratu zuen Arakamak– eta udaberri honi zera opa diogu, loratze momentu ederra izan dadila euskararentzat”.